GARAGARTZA - NAPARHAITZ

  
  Ederra, zoragarria, itzela. Artzainak bagina, denoi gustatuko litzaiguke gure artaldea Garagartzako bordan izatea, hain da idilikoa. Atsegina iruditzen zait lekua, paisaia aldetik paregabea. Eta eskaladaren ikuspegitik gauzak hobetuz gero, apartekoa izan daiteke ere.
Garbi dago Garagartza eta artzaintza eskutik helduta joan direla, ofiziozahar eta noble honen aztarnak nabariak dira hemen.

Eskalada zantzuak ere ugariak dira, ez da zaila zurezko takoak eta herdoildutako iltze bihurriak aurkitzea horma tente hauen arrakaletan.

Bi sektore aurkituko ditugu hemen, biak ala biak desberdinak:

Garagartza izenarekin ezagutzen dugu kirol eskalada egiten den gune garrantzitsuena. Ekipamendu ezin hobea dauka toki honek, GMFko teknikariei esker, seguru kimikoz daude hornituak bide guztiak. Ez dugu sektore honetako krokisa zintzilikatu, GMFko webgunean aurkituko duzue, ez da zehatza, zalantzak ditugu bideen zailtasunari buruz.

Bigarren sektorea Naparhaitz bezala ezagutzen dugu. Altueran horma dotore hau Garagartzakoa baino handiagoa da, eta ez da kirol-eskaladako sektore bat; segurtasun-materiala eraman beharko dugu dauden bide apurrak egiteko.

Garagartzara iristeko, Otzaurte gainera joan eta San Adriango pista hartu behar da. Beundeko atsedenlekura iristean, hormigoizko pista utzi eta ezkerrera joko dugu lurrezko pista batetik. Aurrera jarraituko dugu bidegurutze bateraino, eta eskuinekoa hartuko dugu. Ganaduarentzako itxitura dagoen lautadaraino jarraitu, hemen aparkatu. Pistaren baldintzak onak badira, Garagartzako bordara autoz iritsiko gara.




 







 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina