Ederra,
zoragarria, itzela. Artzainak bagina, denoi gustatuko
litzaiguke gure artaldea Garagartzako bordan izatea,
hain da idilikoa. Atsegina iruditzen zait lekua, paisaia aldetik paregabea. Eta
eskaladaren ikuspegitik gauzak hobetuz gero, apartekoa izan daiteke ere.
Garbi dago Garagartza eta artzaintza eskutik helduta joan direla, ofiziozahar eta noble honen aztarnak nabariak dira hemen.
Eskalada zantzuak ere
ugariak dira, ez da zaila zurezko takoak eta herdoildutako iltze bihurriak
aurkitzea horma tente hauen arrakaletan.
Bi sektore
aurkituko ditugu hemen, biak ala biak desberdinak:
Garagartza izenarekin ezagutzen dugu kirol eskalada
egiten den gune garrantzitsuena. Ekipamendu ezin hobea dauka toki honek, GMFko
teknikariei esker, seguru kimikoz daude hornituak bide guztiak. Ez dugu sektore
honetako krokisa zintzilikatu, GMFko webgunean aurkituko duzue, ez da zehatza,
zalantzak ditugu bideen zailtasunari buruz.
Bigarren sektorea Naparhaitz bezala ezagutzen dugu. Altueran horma dotore hau
Garagartzakoa baino handiagoa da, eta ez da kirol-eskaladako sektore bat;
segurtasun-materiala eraman beharko dugu dauden bide apurrak egiteko.
Garagartzara iristeko, Otzaurte
gainera joan eta San Adriango pista hartu behar da. Beundeko atsedenlekura
iristean, hormigoizko pista utzi eta ezkerrera joko dugu lurrezko pista
batetik. Aurrera jarraituko dugu bidegurutze bateraino, eta eskuinekoa hartuko
dugu. Ganaduarentzako itxitura dagoen lautadaraino jarraitu, hemen aparkatu. Pistaren
baldintzak onak badira, Garagartzako bordara autoz iritsiko gara.


iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina